Euskal Eskola Publikoaren 25. Jaia

Hendaian ospatuko du EHIGE-k Euskal Eskola Publikoaren Jaia 2016ko ekainaren 5ean. Ikas-bi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunetako gurasoen elkartearen 30. urteurrenarekin kointzidituko du aurtengo Jaiak.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia Iparraldean ospatuz, bultzada bat eman nahi diogu euskararen irakaskuntzari Iparraldean, zehazki euskararen irakaskuntzari sare publikoan. Izan ere eskola publikoa aukeratzen dute Iparraldeko familien %70ak eta horien herenak ikastetxe elebidunak.

Era berean eta urtero bezala, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatu nahi dugu.

2

LELOA

“Emazu eskua” da aurtengo Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa. Lelo honen bidez irudikatu nahi dugu elkarri eskua eta elkarri Euskara emateak duen garrantzia gure hizkuntzaren etorkizunerako. Hori dela-eta Euskara Ipar eta Hegoaldeko ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikazio-tresna izatea nahi dugu ekainaren 5ean Hendaian.

“Emazu eskua” da ere Iparraldeko eta Hegoaldeko ikastetxe publikoetako ikasleak harremanetan jartzea helburu duen egitasmoaren izena.

IRUDIA

irudia

Leloari indarrik ez kentzeko, leloa bera da aurtengo Jaiaren irudia, horrela leloak berak dauka protagonismo osoa. Lauki sarean diseinatutako tipografia, Jairako bereziki sortua izan da. Existitzen ez den letra izanik, pertsonalitate eta originaltasuna ematen dio.

Kolore eta forma desberdinetako irudiek aberastu egiten dute leloa, euskaldunon aniztasuna irudikatuz.

 HENDAIA

Hainbat arrazoirengatik aukeratu dugu Hendaia aurtengo Jaia egiteko. Hendaian Euskara da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hizkuntza-zubia, mugaren bi aldeko euskaldunak bizi baitira bertan egunero frogatuz euskara dela komunikazio-hizkuntza. Hendaia, Sararekin batera, aitzindaria euskarazko irakaskuntzan sare publikoan.

Lehen hezkuntzako bost ikastetxe publiko daude Hendaian: Ville-Hiri barnea, Plage-Hondartza, Gare-Geltokia, Lizardi eta Joncaux. Hauetatik 4 ikastetxek eskaintzen dute Euskara-Frantsesa eredu elebiduna, 745 ikasle guztira.

Bigarren hezkuntzari dagokionez, Irandatz kolegioan 200 ikaslek ikasten dute eredu elebidunean.

Gaur egun, Hendaiako ikasleen erdiak euskarazko irakaskuntza jasotzen du, bai ikastetxe publikoetan eta baita ikastolan ere.

EUSKARAREN IRAKASKUNTZA IPARRALDEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN

Iparraldeko ikastetxe publikoen erdia elebiduna da (102 ikastetxe). Guztira 6.350 ikaslek ikasten dute euskaraz: 5.200 ikaslek lehen hezkuntzan eta gainontzekoak bigarren hezkuntzan. Ikasle hauen gehiengoak eredu elebidunean ikasten du (12 ordu Euskaraz eta 12 ordu Frantsesez) eta sei ikastetxetan hasi dute murgiltze eredua euskaraz.

 IKAS-BIikas-bi_parents

Ikas-bi Iparraldeko irakaskuntza publikoko ikasle elebidunen guraso elkartea da. Duela 30 urte sortu zen eta 60 ikastetxetan du ordezkaritza. Hiru hamarkada hauetan Ikas-bi federazioak lan handia egin du eskola publikoa aukeratzen duten familiak euskarara erakartzen hainbat jardueren bidez: prestakuntza/sentsibilizazioa, irakasleek plazak exijitu, hezkuntza-materialak, barnetegia, eta abar.

“Emazu eskua da” egitasmo horietako baten izena, bere helburua da Iparraldeko eta Hegoaldeko ikastetxe publikoetako ikasleak harremanetan jartzea proiektu amankomun baten bitartez. Horretarako Europar Batasuneko www.etwinning.net plataforma digitala erabiltzen da.

You may also like...